28 de octubre de 2020

Alberto Iñurrategi: Porrotaren alde -Azaroak 2an Kulturaten.

Azaroak 2an, astelehena, gurekin izango da Alberto Iñurrategi, atxabaltar alpinista eta eskalatzaile ezaguna eta miretsia.
 
Zer esan Albertori buruz? Bere kurrikuluma ikaragarria da ... Hamalau zortzimilakoak igotzea lortu duen hamargarren alpinista izan da munduan. Hamalau zortzimilakoetatik hamabi bere anaia Felixekin burutu zituen. Alberto -eta bere anaia Felix- alpetar estiloko igoerak –konplexuagoak hain zuzen- egiteagatik nabarmendu izan dira. Horrek mundu mailako elitearen gailur-gailurrean kokatu ditu. Albertok igotzeko bide berriak ireki ditu Himalayan, sarri oso teknikoak eta zailtasun haundikoak. Gainera, Gasherbrum I, Gasherbrum II, Gasherbrum III eta Gasherbrum IV igo duen munduko alpinista bakarra da.
 
Beste alpinista eta dokumentalista batzuekin lankidetzan, mendiko dokumental batzuk egin ditu, hala nola “Annapurna: sueño y vacío”, “Gure Himalaya” eta “Hire Himalaya”; azken hau anaiaren oroimenean dago, eta hainbat jaialditan saritu dute. ‘Al filo de lo imposible’ren kolaboratzaile ohikoa ere izan da.
 
Emango duen hitzaldiaren gaiak ‘Porrotaren alde’ du izenburua. Norbaitek pentsa lezake, hain zuzen ere, bitxia dela emaitza hain bikainak lortutako pertsona batek ‘porrotaren gorespena’z jardutea, eta ez arrakastaren inguruan. Azalpena, modu batean, ‘Kissthemountain’ aldizkarian aurkitu dugu, duela hilabete batzuk Albertori egindako elkarrizketa batean. Honelaxe zioen kazetariak: “Emaitzari besterik begiratzen ez zaion garai honetan, zeinetan dena denboren arabera edo lehenengoa iristearen arabera neurtzen den, eta lehia eta berehalakotasuna gero eta nabariagoak diren, Alberto Iñurrategik leial jarraitzen die alpinismoaren mundu osoaren mirespena ekarri dioten printzipio batzuei. Alberto, hain zuzen, edertasunaren bila dabil mendian, heroismotik urrunduz. Antzinako esploratzaile erromantiko bat bezala, purutasunaren bila dabilen pertsona zintzo bat bezala”
 
 Asteleheneko hitzaldian, beraz, gai hauetaz eta –oro har- mendizaletasunaz duen bere ikuspegi berezi- berezi horretaz arituko da Alberto: PORROTAREN ALDE. “Zer da Himalayismoa, zer da alpinismoa, zer da mendizaletasuna?”. “Mendian, zer da porrot egitea? Noiz egiten da porrot? Porrotak humanizatu egiten gaitu. Gure ezinak zerk sortu duen ikasten badugu, ez dago porrotik.”. “Gailurra egitea, askotan, ez ote da porrota ezkutatzeko aitzakia? Gailurra posibilitateetako bat besterik ez da. Ezinbestekoa dena mendian, bidea da.”. “Himalaya leku ideal bat izanik, nola murriztuko dugu, ba, ideal bat gailurrera?”. “Bidea izan dut helburutzat, gailurra osagarri, Himalayan, 25 urtetik gorako ibilbidean”
Argazkien kreditua: Lydia Fdez de Luco

No hay comentarios: