Mostrando entradas con la etiqueta Bertsolaritza. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Bertsolaritza. Mostrar todas las entradas

13 de enero de 2021

Andoni Egaña. Bertsolaritza: bizitzeko modu bat. -Urtarrilaren 18an Kulturaten-

Bertsolaritza bizitzeko modu asko dago eta seguraski ez da bat bestea baino hobea edo egokiagoa. Azken urteetan bertsolari dexentek egin du hautua: “Sormenetik biziko naiz”. Andoni Egañak, duela hogeitamar urte egin zuen aukera hori. Lanpostu finkoa zuen Vitoria-Gasteizko Udalean eta gustuko lana zuen gainera Kultur-sailean. Baina bertsotan ere asko zebilen ordurako. Eta bi lanak behar bezain ongi burutzerik ez zeukanez, bertsolaritzatik eta bertsolaritzarako bizitzea erabaki zuen. Hirurogei urte behar dituen honetan, esaldi bakar batean laburbiltzen du Andonik bere esperientzia: “Errazago bizi nintekeen; hobeto ez”.
Nork bere bidea egitearen poz eta zailtasunak; jubilazio adina heltzen doala ikusi eta sortzen diren kezkak; kolektiboki sortzailearen statusari buruz... aritzeko aukera ona izango da astelehenekoa.
 
Andoni Egaña (Zarautz, 1961) bertsolaria eta euskal idazlea da. Lau aldiz irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia (lauak jarraian: 1993, 1997, 2001 eta 2005); beste inork ez du halakorik lortu. Euskal Filologian lizentziaduna. Euskaltzain Urgazlea da.
Bertsolari bezala ezaguna bada ere, telebistarako gidoiak ere idazten ditu; eta esparru desberdinak landu ditu literaturan; baita kazetaritza artikulu ugari ere.
Bertsolari bezala bere lorpenak handiak izan dira. Baita gaiaren inguruan egin dituen ikerketa lanak ere. Bai bertsoaren sorkuntzaren gainean eta baita bertsolaritzaren mugimenduari dagokionez. Gaur egungo bertsolaritzari buruzko teorizazioan aitzindarietako bat da.
Artikulu asko idatzi ditu euskal herriko prentsan. Gaur egun, besteak beste, eguneroko zutabe bat idazten du BERRIAn.
 
Argazki kreditoa: kafeantzokia.eus

3 de marzo de 2020

Maialen Lujanbioren "Gaur egunetik bertsolaritzari begira: Bertsolaritzarik gaur egunari begira" hitzaldia

Maialenek saioa Joseba Sarrionandiak 1985ean, alde egin zuenean, esan zuenarekin hasi da: “euskal zineak aurrerakada handia eta bertsolaritza residuala izango da urte gutxi barru”. Baina alderantziz gertatu da.
80-90 hamarkadetan harritzeko arrakasta izan du ahozkoa eta tenpo motela duen, ez musika, ez mugimendu, ez dantza ez duen ikuskizunak. Zein izan dira arrakastaren klabeak? Bere ustez hauek izan direla esan digu:
- Bertso eskolak martxan jarri izana.
- Bertsolariek transmititzen jakin izana, eskuzabal jokatu izana.
- Eskola arteko lehiaketak antolatu izana.
Plazara irtetea gizonen mundua zen, baina hor zeuden gizonek oso ondo onartu zituzten bai gazteak, bai emakumeak. Bertsolaritzaren superbibentziak eragin zuen gazteei eta emakumeei transmititzea, hil edo bizi kontua izan zen.
Maialenek bere bizipenak ere kontatu dizkugu “saioetan 3 bat gazte jarduteak lagundu zidan aurrera jarraitzen”, “neskak kuriositate bezala eramaten gintuzten saioetara”.
Gazteak eta emakumeak sartzeak gaietan ere aldaketak ekarri zituen. Ordura arte, emakume papera gizonek betetzen zuten, gizonen ikuspegitik. Emakumeak plazaratzean emakumeak hasi ziren emakume papera betetzen eta bertsoak errealistago bihurtu ziren.
Nabarmendu du, generazioen arteko erlazioa altxor bat dela bertsolarientzat.
Bertsolaritza elkartea egoteak bertsolaritza hain potente egoteko arrazoi nagusia dela eta Goienagusin ere bertso eskola bat antolatzera animatu gaitu.
Bertso eder batekin amaitu du saioa.
Argazki kreditua: Matilde Sainz

Hitzaldiarekiko erlazionatutako loturak: Bertsozale ElkarteaMundu bat ahoz aho, Bertsoak, Doinuak, Bertsolariak, Saioak, ElkarrizketakMunduko Kantu Inprobisatua, "Bertso Festa" -RTVE 1967..06.20