1 de mayo de 2022

Miren Arantzeta. Hizkuntza eta elebitasuna (bilinguismoa) zahartzaro osasuntsuan. -Maiztzak 2an Kulturaten-

Miren Arantzeta. 2003an logopedian diplomatu zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB) eta 2007an hizkuntzalaritzan lizentziatu nintzen Bartzelonako Unibertsitatean (UB). 2013an Hizkuntzalaritza Klinikoko Europako Masterra (Erasmus Mundus) amaitu nuen Potsdameko (Alemania) eta Groningen (Herbehereak) Unibertsitatean. Urte berean Europar Batasunak finantziatuta Hizkuntza eta Garunaren Ikuspegi Esperimentalen Nazioarteko Doktoregoa (IDEALAB)-n hasi nintzen lanean Groningen (Herbehereak), Newcastle (Erresuma Batua), Trento (Italia), Potsdam (Alemania) eta Macquarie (Australia) Unibertsitatean. 2017an Neurozientzia Kognitiboan doktoretu nintzen iktusaren ondorioz afasia duten hiztun elebidun eta elebakarren inguruko tesiarekin. Orduz gero, Euskal Herriko Unibertsitateko Gogo Elebiduna ikerketa taldean doktoretza ondorengo ikertzailea naiz. Berriki, BBVA Fundazioak 2021 Red Leonardo ikerlari eta kultur sortzaileen beka batekin saritu nau, ‚Hizkuntza eta elebitasuna zahartze osasuntsuan: Hiztegiaren biltegiratze mentalaren azterketa (AGINGLEXICON)‘ proiektuarekin.

Begi-bistakoa iruditzen zaigu hizkuntza poliki-poliki jabetzen dugula jaiotzetik heldutasunera bitartean. Hazten goazen heinean, hiztegi zabalagoa, esaldi egitura konplexuagoak eta hitz jario handiagoa erakusten dugu. Hiztun trebatuak bilakatzen gara. Behin hizkuntza jabetuta, hizkuntza gaitasuna, bere sentsurik zabalenean, helduaro guztian zehar egonkor mantentzen den ahalmen bat dela pentsatu izan da urte luzez. Aldiz, denok onartu dugu zahartzen goazen heinean beste gaitasun mental batzuk gainbehera egiten dutela; gauzak ahazteko aukera handiagoak ditugu, memoria huts egiten hasten delako, edota solasaldi baten ildoa mantentzea gehiago kostatzen zaigu, arretari eustea zailagoa bihurtzen delako.
Hitzaldi honen lehen atalean hizkuntza ahalmenak bizi-ziklo helduan zehar erakusten dituen aldaketez arituko gara psiko- neurohizkuntza ikerketaren ikuspuntutik. Aldaketa hauek oso nabariak izan daitezke arlo batzuetan, adibidez nahi dugun hitza ‘mingainaren puntan’ dugun kasu horietan, eta ez horren begi-bistakoak hizkuntzaren beste arlo batzuetan. Hala ere, gero eta ikerketa gehiagok erakusten dute gure burmuinak hizkuntza era desberdinean kudeatzen duela adinean aurrean goazen heinean. Aldaketa hauek zahartze osasuntsuan parte diren arren, neuro-degenerazioari loturiko dementzien markagailu goiztiarrak ere izan daitezke. Honek esan nahi du, hizkuntz ariketa zehatz batzuetan ditugun trebetasunak gaixotasun latente baten adierazle izan daitezkeela, hainbat ikerketek erakutsi duten bezala. Hau azpimarragarria da, azterketa psikolinguistikoak adinaren poderioz hiztunek azaleratzen dituzten zailtasunak eta erabiltzen dituzten estrategiak ezagutzea ahalbidetzeaz gain, egoera patologikoak era goiztiarrean hautemateko baliagarria dela erakusten baitu.
Era berdinean zahartzen al da gogo elebakarra eta elebiduna? Honen inguruan arituko gara hitzaldiaren bigarren atalean. Azken hamarkadetan gori-gorian ibili da elebitasunak dakarren onura mentalaren inguruko eztabaida zientifikoa. Hizkuntza bat erabiltzen dugunean, ezagutzen ditugun beste hizkuntzak ere aktibatu egiten dira. Adibidez, ‘sagarra’ hitza erabiltzen dugunean, gaztelaniazko ‘manzana’ hitza ere piztu egiten da gure gogoan, momentu batetik bestera aukeratua izateko prestatuko balitz bezala. Hala ere, hiztun elebidunok ez dugu hizkuntzarik nahasten elebakar batekin hitz egiten dugunean. Hau posible da gogo elebiduna oso trebea delako erabiltzen ez dugun hizkuntza isilean mantentzen. Bi hizkuntzak erregulatzen dituen gailu mentalak aztarna positibo bat uzten du gogo elebidunean eta honek ongizate kognitiboan eragin esanguratsua duela erakusten dute zahartzaroari loturiko hainbat ikerketek. Elebitasunaren onura delakoaren inguruan dakigunaz eta ez dakigunaz arituko gara; egungo ikerketaz eta etorkizunekoaz.
Argazkien kreditoa: Julio Iriarte

No hay comentarios: