Elena Laka Muño, Eibar, 1966, Akatua da eta abokatutzaren
jardunean dihardu bere bizitza profesional osoan. Epaitegietako eta auzi lanari
lotutako bulegoko jardunean oinarritzen da batez ere gure lana. Zuzenbideari
lotutako irakaskuntza eta komunikazio lanetan ere aritzen naiz: EHUko
Abokatutzako Masterrean eta Eibarko Esperientzia Eskolan, eta hedabide
desberdinetan. Zuzenbidearen jardun praktikoa eta aldi berean irakaskuntzan eta
zabalkundean aritzea uztartze ezin hobea iruditzen zait, bi alorrek pertsonekin
modu desberdinean eragiteko aukera ematen didatelako.
Pertsona heldu
guztiek ez daukagu gaitasun berdina. Era berean, pertsona bakoitzak, bizitzako aro
desberdinetan, gaitasun desberdinak izan ditzakegu, gure egoera fisikoaren,
mentalaren, intelektualaren edo sentsorialaren arabera. Gaitasun desberdinak
bai, baina guztiok daukagu gaitasun juridiko berdina bizitzako alor guztietan.
Gaitasun juridiko berdinzale batek dakar pertsonen eskubideak, borondatea,
lehentasunak errespetatzeko neurriak bermatu behar izatea, pertsonen egoerari
egokituko zaizkienak, ahalik eta epe laburrean hartuko direnak, eta aldi berean,
aginte independiente batek ikuskaritzapean egingo direnak.
Duela gutxi arte,
gaitasun gabezia zeuzkaten pertsonen borondatea ordezkatzera bideratuta zegoen
legea. 2021eko irailean izandako lege aldaketaren ondoren, lege berriak pertsona
guztien borondatearen eta lehentasunen errespetua du oinarri. Gaur egungo
legeriak pertsonen duintasuna, oinarrizko eskubideak eta borondate askea
errespetatzeak dakar pertsonen bizitzako aro guztietan eta egoera guztietan.
Hitzaldian azalduko ditugu gaitasun desberdina daukaten pertsona helduek
eskubideak modu berdinzalean gauza ditzaten indarrean dauden neurri berriak.
Bereziki aztertuko ditugu laguntza neurriak, berme neurriak, eskubideak eta
obligazioak, eta, oro har, gaur egungo legeriak pertsonen borondatea eta
duintasuna erdian jartzeko ezarri dituen baliabide guztiak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario