4 de noviembre de 2021

Oskar Epelde. Hezkuntza eskubidearen erronkak Pokot herrian. Kenyako kontestua. -Azaroak 8an Kulturaten-

Kenyatik Goienagusiren hitzaldia ematera propio etorrita, Kulturaten izango dugu astelehen honetan Arrasateko kazetaria.
Oskar Epeldek urte asko darama Afrikako kontuak ETBko albistegietan kontatzen, baita Latinoamerikako TeleSur katean edota Berria egunkarian ere. Behin baino gehiagotan une arriskutsu asko bizi izan ditu.
Unibertsitate ikasketak amaituta hasi zen Epelde kazetari lanetan. Albistegietako kazetari gisa egin zituen lehen urratsak, eta ondoren 11 urte iraun zuen ETBko Elkartasun bideak programan; orduan piztu zitzaion Afrika ezagutzeko harra. Saioa amaituta, bizitzak eta unean uneko erabakiek eraman dute han geratzera. Berak dioen moduan: «Hartzen dituzun erabakiekiko erantzukizun bat garatzen duzu, eta horrek espero ez zenuen tokietaraino eramaten zaitu». Orain han du etxea, han bizitza.
 
Pokot herria Rift Bailaran kokatuta dago, Kenyan. Ugandako Karamojong herria ere nahiko gertukoa da, baita Tugen herria ere. Hizkuntzak ez dira berdinak baina antzekoak. Pokotak, herri bezala, nahiko galduta ikusten ditu Epeldek. Lehorteek batetik, errealitate sozio-ekonomikoak bestetik (lur harrapaketak, kontserbazioetarako ere bereziki, bazterketa, garapen eza eta abar) euren abeltzaintza egoera oso larrian jarri dute eta pertsona gehienak honez gero abererik ere ez dute eta nora ezean dabiltza, gazteak eta zaharrak ere bai. Ahuntz bakan batzuk dituztenek ere nekez ordain dezakete hezkuntza zikloa. Enplegurik ez dago ia apenas, errepiderik ere ez dago euren mendialdeko zentroetara iristeko, garraio publikoa oso pobrea da, eta oinarrizko gauza guztiak (oinarrizkoa ez denik ez baitago, andra gizonengan sekulako kalteak eragiten dituen chan'ga delako edaria ez bada), inon baino garestiagoak dira. Ur arazo handiak dituzte gainera baita herritxoetan ere (zer esanik ez "erreserban", eta esan bezala azpiegitura publikorik ez diete egin apenas, beraz egiten duten nekazaritza ere oso pobrea da.
Kontestu honetan herri pokotak tendentzia atzerakoi nabarmena ageri du, kulturalki, jarrera patriarkaletan eta abar. Eta emakumeen egoera (ahotsik gabe gizonen aurrean, jabetzarik gabe, umeak bailiren) larria da benetan.
Argazkien kreditoa: Ur Handitan EITB

Informazio gehiago: Oskar Epelde Berrian

No hay comentarios: