9 de febrero de 2021

Joxemari Iturralde. Literatura eta bizitza bidaiak dira: (I) Euskal Herritik mundu zabalera -Otsailaren 22an Kulturaten-

Joxemari Iturralde (Tolosa, 1951) hainbat genero landu dituen idazle oparoa da. Filologia Erromanikoa lizentziatura burutu zuen eta erretiroa hartu arte, katedraduna izan zen irakaskuntza ertainetan, Euskara eta Euskal Literaturaren alorrean. Gainera, Euskaltzain urgazlea da.
Hitzaldi honetan bidai literario batean murgilduko gaitu idazleak. Izan ere, esan digunez, “historian zehar, izan dira gurpila erabili ez zuten gizarte handiak, baina ez da existitu gizarte bakar bat ere istorioak kontatu ez dituenik. Eta hori da, hain justu ere, Literatura: istorioak kontatzea. Istorio bat kontatzen dugunean, liburu bat irakurtzen dugunean, bidaia bat egiten dugu, hasi, segi eta amaitu arte. Bizitza ere horixe da, bidaia bat. Esan daiteke bizitzaren jakinduria liburuetan dagoela.”
Beraz, “euskaldunak garenez eta Euskal Herrian bizi garelako”, literatura eta bizitza uztartuko ditu hitzaldi honetan Iturraldek, bidaia sinboliko bat eginez, hemendik abiatu eta munduan barrena ibiliz.
Horretarako, liburuak, ibilaldiak, istorio bitxiak, pertsonaia ospetsuak, anekdotak... erabiliko ditu.
Argazkien kreditoa: Julio Iriarte
 

No hay comentarios: