4 de diciembre de 2014

“Euskalerriko lehen-gizona”: 80 urte

Bitxia gerta daiteke, baina azaldu behar dut Jose Migel Barandiaran zenaren Euskalerriko leen-gizona” liburuaren lehen edizioa, e-book horietako batean berrirakurtzen ari naizela. Oraingo honetan, beraz, teknologia aurreratuarekin ari naiz 1934ko Barandiaranen idazkian barrena eta, aitortu behar dut, iragan irakurraldietan  antzeman ez  ditudan xehetasun  eta  baieztapen  interesgarriak aurkitu dizkiodala ataundarrari. Ez, jakina, euskarri elektronikoa erabiltzeagatik baizik eta soseguago  irakurri  dudalako, Barandiaranek adierazitakoa hausnartzen banenbil bezala. Jose Migel Barandiaranek bete-betean ihardun zuen 1931-36 urteetan, “Euskal Pizkundea” deitu zen mugimendu hartan. Eta Gasteizko Apaiztegitik egundoko indarrarekin irradiatu zuen euskal gogoa, ihardunean disgustu ugari iritsi bazitzaizkion ere. Manuel Lekuonarekin batera Barandiaranek garbi asko azaldu zuen, Euskal Herria izango bazen gure kulturaren parametroak goi mailan jarri behar zirela. Barandiaran eta Lekuona bezala, ehunka gazte iritsi ziren Gasteizera XX.eko lehen urteetan, eliza-ikasketak burutzeko asmoz. Ez da samurra ideia zehatza egitea, XX. mendeko lehen heren luzean Apaiztegiak euskal kulturarentzat adierazi zuenaz. Seguruenik, ez da izango euskal historian, Euskal Herriko Unibertsitatea sortu aurretik, euskal  kulturarentzat Gasteizko Apaiztegiak bezainbeste fruitu eder eman duen goi- mailako hezkuntza zentrorik. Hogeita hamaseiko gerrak dena hankaz gora jarri zuen eta Euskal Pizkundearen jario aberatsa bat-batean idortu eta zulo ilunera erori zen euskal kultura hamarkada luzez. Baina mugimenduak iraun zuen bitartean emaitza polita gertatu zen eta esan daiteke edozein herrik bere biziraupenerako ezarri beharreko oinarria eraikitzen ari zela. Hori bai, sakrifizio handiarekin baina ilusio handiagoarekin. Gasteizko Apaiztegian euskal ikerketak tokia hartu zuen Barandiaranen bizitzan. Eta berari zor zaio, nolabait esatearren, euskal kontzientziaren hedapen kulturala, bai arabar eliza-zentro hartan baita handik kanporako hedapenean ere. On Jose Migel izango da XX mendearen lehen hereneko argi dorrea, eta Arabatik Euskal Herri osora urte haietan irradiatuko den kultura- suaren piztailerik handiena. Mugimendu horretan kokatu behar dugu. Barandiaranen Euskalerriko leen-gizona”. Donostiako Euskaltzaleak” elkartearen ardurapean, Bernardo Estornes Lasaren Beñat Idaztiak argitaldariak publikatu zuen liburua, 1934an, eta Barandiaranenarekin inauguratzen zen Egia Sorta” zeritzan saila. Liburuak berebiziko arrakasta izan zuen, euskaraz egindako zientzia liburuak urriak baitziren garai hartan. Barandiaranek etnografia eta arkeologiaren bidez saiatu zen, euskal lehen gizakiei buruz ordura arte jakiten zena euskaraz azaltzen. Liburuak bibliografiaren berri ere ematen du, hain zuzen ere eusko edestiaurreko gaia darabilkiten idaztiak” luzexka batean. Liburua5 errealetan jarri zen salgai.Zenbait argitalpen izan ditu ehun urte hauetan Euskalerriko leen-gizona” liburuak, eta duela laurogei urte ere argitaratu zen baita Barandiaranen El hombre primitivo en el País Vasco”, aurrekoaren gaztelerazko bertsioa, alegia.
Kreditoak: Textua eta argazkia Jose Mari Velez de Mendizabal

Enlazeak: Jose Mari Velez de Mendizabal, Joxe Migel Barandiaran, Eusko-ikaskuntza,

No hay comentarios: