25 de noviembre de 2020

Alex Gurrutxaga: XABIER LETE. Aberriaren poeta kantaria. -Azaroak 30ean Kulturaten-

Orain betetzen dira 10 urte Xabier Lete poeta mirestua hil zela. Hori dela-eta Goienagusik hitzaldi hau antolatu du, omenaldi gisa.
Izan ere, Xabier Letek hitzak jarri zizkion Euskal Herriari, eta euskaldun guztiok daukagu barruan gordea Leteren hitzen bat. Nork ez du ezagutzen, adibidez, “Xalbadorren heriotzean”?
Solasaldi honen asmoa da, beraz, ezagutzen dugun horretatik abiatuta, Leteren obran sakonago murgiltzea. Bere testuak eta abestiak oinarritzat hartuta, haren ibilbideaz eta garapenaz, sormenaz eta pentsamenduaz jardungo dugu.
Horrela, haren heriotzaren X. urteurrenean, oroitzapen atseginaz gain, berrezagutze ariketa eder bat egin ahalko dugu, Alex Gurrutxaga irakaslea lagun.
 
Alex Gurrutxaga (Zarautz, 1988). Doktore da euskal literaturan, eta, 2013-2016 bitartean, Xabier Leteren Funtsa aztertu zuen. Gero, Xabier Leteren obraren gainean egin zuen tesia, EHUn: “Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa bat). Horretaz baliatuz, “Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria” liburua argitaratu du aurten (Alberdania).
2016az geroztik, EHUn dabil irakasle. Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldeko kidea da, eta hainbat argitalpen ditu poesiaren azterketaren esparruan. 
Literatura kritikari gisa, han eta hemen kolaboratu du, hala hitzaldi-solasaldi formatuan nola artikuluen bidez (Berria, Euskadi Irratia, Info 7, Erlea, Caravansi, eta abar). 
Azkenik, Arrasateko Liburutegiak antolatzen dituen Literatur Solasaldietako koordinatzailea da, euskarazko liburuen sailean.
 
Argazkien kreditoa: Julio Iriarte

Informazio gehiago: Xabier Lete, Wikipedian

No hay comentarios: