14 de octubre de 2019

Iker Etxebarriaren "Ariketa Fisikoa egiteko Jarraibideak" hitzaldia

Iker Etxebarriak Ariketa Fisikoa egiteko Jarraibideak hitzaldia Goienagusin eman du. Jarduera Fisikoa bizitza osasuntsuago bat izateko botika da. Zergatik ez esan, bizitza luzeagoa, alaiagoa eta askeagoa lortzeko botika. Gizakiok mugitzea behar dugu gorputz eta adimen osasuntsuak izateko. Baina zoritxarrez, gutako askok ez dugu behar adina jarduera fisiko egiten edo ez dugu jarduera fisikoa behar bezala egiten. Europan, ikaragarria dirudien arren, jarduera fisiko ezarekin erlazionatutako osasun gastua urtean 80 mila miloi eurotakoa da. Hamar heriotzatik bat jarduera fisiko ezarekin erlazionatuta dago edo beste modu batean esanda, urtero miloi bat pertsona inguru hiltzen dira Europan behar adina ez mugitzeagatik. Erritmo honetan jarraituz gero, laster jarduera fisiko ezak tabakoak baino heriotza gehiago eragingo ditu. Beraz, gure helburua izan behar da gehiago mugitzea. Gure herriko kirol taldean egiten dugun kirola, kiroldegiko ikastaroan egiten ditugun ariketa fisikoak eta, zergatik ez, gure bizitzako edozein momentutan egin ditzakegun jarduera fisikoak, hala nola, bizikletaz mugitu edo etxera igotzeko eskailerak erabiltzea igogailuaren ordez. Denak balio du. Jarduera bat egiterakoan, jarduera motaz gain, iraupena eta intentsitatea aintzat hartu behar dira. Ibiltzea ondo dago baina ez da nahikoa. Indar ariketei garrantzi gehiago eman behar zaie, astean 2-3 aldiz eginez, eta oreka, malgutasuna eta gorputzaren funtzionaltasuna ezin ditugu ahaztu. Jarduera fisikoa botika bat da eta gainera doakoa. Har dezagun beldurrik gabe, honek ez baitu gaindosirik eragiten. Presentazioa deskargatu.

No hay comentarios: