18 de febrero de 2019

Mirian Urkiaren "Euskaltzaindia, 100 urte eta orain zer" hitzaldia

Miriam Urkiak, Euskaltzaindiako taldekide denak, erakunde horri buruz hitz egin digu Goienagusin. Lehenengo zatian Euskaltzaindiaren historiaren laburpena kontatu digu. Esan digu bere hasiera Eusko Ikaskuntzari lotuta egon zela eta erromantizismo eta arrazionalismoa kutsu handia eduki zuela. Euskaltzaindiaren hastapenetan egon ziren hainbaten izenak aipatu ditu, hala nola, Antoine d'Abbadie, Sabino Arana edo Severo Altube beste batzuren artean. Euskaltzaindia 1919an Oñatin sortu zen Hego Euskal Herriko lau Aldundien babespean; lehen kideak hauek izan ziren: Resurrección María Azkue (lehen lehendakaria), Luis Eleizalde, Julio Urkixo eta Arturo Campión. Ondoren, Txomin Agirre, Piarres Broussain, Jean-Blaise Adema, Erramun Intzagarai, Jose Agerre, Juan Bautista Eguskitza, Raimundo Olabide eta Pierre Lhande gehitu ziren taldera. Euskaltzaindiaren jaiotzetik taldekideek garbi eduki zuten lanerako euskara batua behar zutela. Garai gogorrena pasatu ondoren, gerra zibiletik 1956ra, ideia horri forma emateko lanean hasi ziren. Euskara batuaren proiektua abian jartzeko lehen bilera Arantzazun egin zen 1956an. Bilera eta eztabaida askoren ondoren, 1968an, Koldo Mitxelenak txosten batean jaso zituen erabakiak. Koldo Mitxelena eta Luis Villasante arduratu ziren bateratze prozesua koordinatzen. Bigarren zatian, Euskaltzaindiaren gaur egungo helburuak, lan hildoak... aurkeztu dizkigu Miriam Urkiak. Bukatzeko, Euskaltzaindiaren webgunea azaldu digu, zati desberdinak erakutsiz eta hainbat erabilera azpimarratuz. Presentazioa ikusi.
Argazkien kreditua: wikipedia 

No hay comentarios: