2 de mayo de 2018

Jose Ramon Garairen "Gerra Zibila Elgetako Frentean" hitzaldia

Jose Ramon Garaik Euskadin Gerra Zibilaren inguruko kontakizuna egin digu Elgetako Memoria Historikoaren euskal interpretazio zentroan, gerraz hitz egiteko ingurune paregabean. Hasieran, “Gerra eta errepresioa Elgetan” bideoa ikusi dugu, non 1936-37 Elgetan gertatutako pasarteak kontatzen diren lekukoen edo oso gertukoen ahotatik. Ondoren, Deba Garaian gerrak izan zuen bilakaera azaldu digu Jose Ramonek ondo landutako dokumentazioan oinarrituta. 1936ko altxamendu militarraren aurreko borroketan Monarkiak eta Espainiako elizak izan zuen parte-hartzea azpimarratu du, baita jeneral errebeldeen prestaketak. Bi aldeen bitartekoen desberdintasunaren eragina eta gerraren garapenean izan zuen garrantzia nabarmendu du. Azkenik, Elgetako borrokaren garapena eta Intxortaren erorketaren gertaera politikoak eta parte-hartzaileak berrikusi ditu. Hitzaldia “Intxortako atea” monumentuaren bisitarekin bukatu dugu eta Jose Ramonek orain dela 81 urte gertatutakoak azaltzen jarraitu du.

No hay comentarios: